Gauez emakumeak hirian askatasunez eta segurtasunez mugitu ahal izatea nahi dugu, gure ibilbidea, ordutegia edo planak aldatu beharrik gabe. 

Askatasunez mugitzeko hiriak

ILUNE

Ilune - Gipuzkoako Emakumeak Gaueko Mugikortasunean

ILUNE Gipuzkoan emakumeek gaueko mugikortasuna nola bizi duten aztertzen duen proiektua da.

Emakume askorentzat, gauez mugitzeak erne egotea, leku jakin batzuk saihestea edo ibilbideak aldez aurretik planifikatzea dakar.

ILUNEk esperientzia horiek entzun eta aztertuko ditu, oztopoak eta puntu kritikoak identifikatzeko eta emakumeen benetako beharretara egokitutako hiri-ingurune eta mugikortasun-sistema seguruagoak, bidezkoagoak eta berdinzaleagoak sustatzeko.

Hirirako eskubidea askatasunez, autonomiaz eta segurtasunez mugitzeko eskubidea ere badelako.

Geure buruari ere galdetu nahi diogu...

Nola bizi dugu gaua?

Non sentitzen gara seguru?

Zer leku saihestuko ditugu?

Zein ibilbidek baldintzatzen dute gure mugikortasuna?

Zer aldatu beharko genuke? 

ILUNEren gakoetako bat erraza da: ezin da hiri hobe bat diseinatu egunero hiri hori bizi dutenei entzun gabe. 

Horregatik, emakumeen esperientziak, pertzepzioak eta beharrak bilduko ditu proiektuak, entzuteko saioen, baterako sorkuntzako prozesuen eta hiri-espazioko gaueko ibilbideen bidez. 

Ez ditugu mapak, garraio-lineak edo maiztasunak bakarrik begiratu nahi. 

Eguneroko esperientzia ere ezagutza da. 
Eta erabaki publikoen parte izan behar du. 

Ilune lau fasetan garatuko da:

1. Errealitatea ezagutzea

Gaur egungo garraioak funtzionatzen duen, zein toki lotzen dituen eta non dauden gabeziak edo zailtasunak aztertuko ditugu.

2. Entzutea

Emakumeen esperientziak jasoko ditugu gaueko mugikortasunaren beharrak, oztopoak eta puntu kritikoak identifikatzeko.

3. Soluzioak kolektiboki eraikitzea

Esperientzia horietatik abiatuta, hainbat eragilek elkarrekin lan egingo dute hobekuntzarako alternatibak eta proposamenak zehazteko.

4. Proposamenak neurri bideragarri bihurtzea

Emaitza gaueko garraioaren eta hiri diseinuaren alorreko baliozko ekintzen zorro bat izango da, haien bideragarritasunaren eta ezartzeko aukeren arabera baloratuak.

Hiria bizi dutenengandik pentsatzea

ILUNEk ez du diagnostiko batean geratu nahi. 
Helburua ezagutza sortzea da, erabaki, politika eta jarduera zehatzetan isla daitekeena. 

Izan ere, emakume bat espaloiz aldatzen denean, ibilbide bat saihesten duenean, itzulerako ordua aurreratzen duenean edo beldurrez mugitzeko beste modu bat bilatzen duenean, ez gaude esperientzia indibidual baten aurrean soilik. 

Gure kaleak, garraioak eta espazio publikoak diseinatzeko moduarekin ere zerikusia duen gai baten aurrean gaude.  Biztanleriaren zati baten mugikortasuna mugatzen duen hiria ez da erabat berdintasunezkoa. 

Esperientzia horiek hiri-diseinuan txertatzeak esan nahi du pertsona guztientzat bizigarriagoak diren herri eta hirietarantz aurrera egitea. 

Lankidetzatik eraikitako proiektua 

ILUNEk hainbat ezagutza eta esperientzia biltzen ditu. 

EHUko CAVIAR ikerketa-taldeak, Hiri Berrikuntza Integratuak eta Oarsoaldea Garapen Agentziak parte hartzen dute, kolektibo feministekin, emakumeen sareekin eta beste gizarte-eragile batzuekin batera. 

Ikerketa akademikoak, esperientzia profesionalak, erakundeek eta herritarrek elkarrekin lan egingo dute errealitatea hobeto ulertzeko eta lurraldean aplika daitezkeen irtenbideak planteatzeko.
 
Proiektuaren iraupena: 2026ko uztaila – 2027ko iraila. 

ILUNE Gipuzkoako Foru Aldundiko Estrategia Zuzendaritza Nagusiak finantzatzen du, Gipuzkoa Taldean 2026 – Proiektu esperimentalak deialdiaren barruan.. 

Entzun nahi dizugu 

Nola bizi duzu hiria gaua datorrenean? 

Zure esperientziak hobeto ulertzen lagun diezaguke zerk funtzionatzen duen, zer aldatu beharko litzatekeen eta nola egin dezakegun aurrera gaueko mugikortasun seguruago eta berdinago baterantz.

ILUNE hobeto ezagutu, zure esperientzia partekatu edo proiektuan parte hartu nahi baduzu, jar zaitez harremanetan taldearekin.

Hiria ere gure esperientzietatik eraikitzen da. 

Zure begiradak ere badu lekua ILUNEn

Non sentitzen zara seguru gauez? Zer lekuk sortzen dizute ezinegona? Zer aldatuko zenuke?